Espainiako ekonomia

AZCA Madrilen.

Espainiako ekonomia XX. mendearen erdialdea arte ekonomia arkaikoa, garapen eskasekoa eta autarkikoa izan bazen ere, modernizatze prozesu azkarra bizi izan du 1960. urte ingurutik aurrera. 60ko hamarraldiko hazkunde tasa handien ondoren (“espainiar miraria” deitu zitzaion), motelaldi serioa bizi izan zuen (petrolioaren krisialdia) 74tik 85 aldera arte.

1986tik 1991ra, ordea, beste aurrerakada bortitz bat izan zuen eta, 92tik 94 ingurura gainbehera txiki bat izan ondoren, 1995etik mende amaiera arte hazten jarraitu du ekonomiak Espainian (1997an, % 3,2ko hazkundea). Europar Batasunarekin bat egin izanak (1986) guztiz baldintzatu du, geroztik, Espainiako agintariek bideratu duten ekonomia politika.

Hainbat gizarte arazo gorabehera, zorroztasunaren aldeko apustua egin zen Maastrichteko Ituna delakoan zehaztutako konbergentzia irizpideak errespetatu ahal izateko. Hala, austeritate neurriak hartzeari, aurrekontu zorrotzak egiteari eta diru politika estuagoa bultzatzeari esker, Espainiak goian aipatutako irizpide gehienak bete ahal izan ditu, eta 1999ko urtarrilaren 1ean euroan integratu ahal izan diren herrialdeen zerrendan sartu da.

1998ko udaberrian, Europar Batzordeak Espainiako emaitza ekonomikoen azterketa egin zuenean, zor publikoaren indizea zegoen soilik Maastrichten erabakitako irizpideetatik kanpo. Aldiz, irizpide horien barruan sartzen ziren inflazioa (% 2, 1997an), aurrekontu defizita (% 2,9), interes tasen bilakaera eta pezetaren parekotasuna aurreko bi urteetan zehar.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search